Home

 Wiesbaden-Donostia senidetze-elkartea

Etorkizun oparoko hirien arteko senidetzea
Hondartza, kultura eta sukaldaritza Donostian: Espainiako iparraldeko, Euskal Herriko, Easo ederrak merezita jaso zuen Europako Kultur Hiriburuaren aitortza 2016an.
Nola sortu zen senidetze hori?  1978ko udazkenean, Armin Klein ohorezko zinegotziak harreman adiskidetsua hasi zuen garai hartan Donostiako alkate zenarekin, bi hirien arteko lankidetza sustatzeko asmoz.
1981erako hain zen estua harremana, non batzorde politikoak senidetze ofiziala sortuko zutela hitzeman baitzuten. Senidetze-akordioak sinatu ziren bi udaletxeetan, eta jai-ekintzak antolatu ziren bi hirietan. Europar Batasuna zabaltzeko jardueren babesarekin gertatu zen hori. Izan ere, 1986ko urtarrilaren 1ean sartu zen Espainia Europar Batasunean.
Bi hiriek XIX. mendean izan zuten garai oparoena. Atlantikoko hiria errege-etxeko kideen bainuetxe bilakatu zen; eta bogan zegoen Wiesbadengo luxuzko bainuetxera sarri joaten ziren enperadorea eta Europako aristokrazia.

Hiri biek ura eta mendia hurbil dituzte, eta mahastiz inguratuta daude. Bi hirietan funikular bat eraiki zen, gutxi gorabehera garai berean. Oro har, bi hirien eraikuntza eta estiloa oso antzekoak dira.

Donostiak gauza asko ditu eskaintzeko, besteak beste, Nazioarteko Zinemaldia. Bestetik, Wiesbadenen, maiatzeko jaietan, antzerki-jaialdi tradizional bat egiten da. Bi hirietako antzokiek elkarren antz handia dute, eta Neoklasizismoaren garaiko hirietako eraikin askoren arkitekturaren estiloa (eklektizismoa eta modernismoa) antzekoa da ere.
Donostiako hainbat artistek haien margolanak, eskulturak eta argazkiak Wiesbadenen aurkeztu dituzte. Era berean, Wiesbadengo artista eta elkarte artistikoetako kide asko Donostiara joaten dira. Dantza-taldeak, musikariak -antzinako instrumentuak barne-, abesbatza bikainak eta dantza folklorikoko taldeak Donostiaren aberastasun kulturalaren seinale dira. Wiesbadengo biztanleentzat Donostia are erakargarriagoa da orain, sukaldaritzak eskaintzen duen esperientzia kulturala dela eta. Gastronomiagatik bakarrik merezi du Donostia bisitatzea. Donostiako zein Wiesbadengo sukaldaritza-ikastaroei esker, gehiago dakigu orain sukaldaritzari buruz.

Hiriko hainbat txokotan pintxoak dastatu daitezkeenez gero, hiriko gastronomia modu azkar eta informal batean ezagut dezakegu. Urtero, uztailaren amaieran, Donostian, Jazzaldia antolatzen da, non mundu-mailako musikariek parte hartzen baitute. Zentzu horretan, Wiesbaden atzeratuta dabil oraindik. Haatik, Wiesbadengo ardoaren festak (Weinfest) euskaldunak gozarazten ditu. Esan beharra dago, Donostian beste hainbat ospakizun handi egiten direla ere, hala nola Danborrada edo Aste Nagusi luzea.

Bi hirien arteko senidetzearen euskarri garrantzitsu bat gazteei beste hizkuntza bat ikasteko aukera ematen dieten erdi- eta goi-mailako ikasleen egonaldiak dira. Gainera, egonaldiek bi hirietako gazteen arteko kultur trukea sustatzen dute. Wiesbadengo Elly-Heuss ikastetxeak eta Donostiako Deutsche Schule San Alberto Magno ikastetxeak, adibidez, denboraren poderioz, oso harreman estua sortu dute.
                                                                                             ----------
Senidetzeak bi hirietako biztanleen arteko topaketa errazten du eta bi kulturei hobeto elkar ulertzen laguntzen die.

Wiesbaden-Donostia senidetzea bizi-bizirik dago, bereziki lan boluntarioa oinarri duen senidetze-elkarte dinamikoari esker. Elkarteko kideak energia eta ideiez gainezka daude, eta egitasmoak gogo handiz gauzatzen dituzte. Gainera, kide berriek senidetzearen etorkizun oparoa bermatzen dute.

Share by: