Egindako ekitaldiak

2020an Donostiarekin aurreikusita genituen ia proiektu guztiak bertan behera utzi behar izan genituen COVID19aren erruz.

Eskolen eta lanbide-heziketako ikastetxeen arteko ikasle-truke emankorrak bertan behera utzi behar izan ziren, eta guretzat bereziki mingarria da hori. Kontatu hori laster berreskuratu ahal izatea espero dugu. Zoritxarrez, musika-eskolen, artista-taldeen eta kirol-elkarteen arteko trukeak ere atzeratu behar izan ziren, bai eta bi aldeetako bisitak ere.

2020rako planifikatutako jardueretatik bat bakarrik gauzatu ahal izan zen.

Organo-kontzertua

Die Donostiako Loreto Aramendi organistak kontzertu bat eman zuen 2020ko urriaren 24an, larunbatean, 11:30ean Marktkirche elizan, La música de órgano hacia el tiempo de mercado izenburupean.


2020ko urriaren 25ean, igandean, Aramendi andrea Dotzheimgo San Josef elizan egon zen ere. Elizkizuna lagundu zuen eta, gero, beste kontzertu bat eskaini zuen. Jarduera mundu osoan ikusi ahal izan zen esteka hauen bidez: https://www.youtube.com/c/mclewiesbaden eta https://mcle-wiesbaden.de. Birtualki 400 lagunek ikusi zuten.


Artistari buruzko informazio gehiago aurki daiteke haren webgunean: https://loretoaramendi.com.  


Donostiako lanbide-heziketako ikasleen bisita


2019ko urrian, Wiesbadengo Friedrich-Ebert (FES) ikastetxeko 5 ikastun Donostiara joan ziren bisitan.
Abenduaren 8an, informatika ikasten ari diren Donostiako zortzi ikaslek bi aste igaro zituzten Wiesbadenen, non FES ikastetxeko ohiko informatika-ikastaroetan parte hartu baitzuten.  Beste ikasgai bateko eskolak ere jaso zituzten eta, amaieran, ziurtagiri bat lortu zuten.
Wiesbaden-Donostia senidetze-elkarteko kideek ikasleak eta irakasle laguntzaileak hiria bisitatzera eraman zituzten; eta, jakina, Wiesbadengo Gabonetako merkatua bisitatu zuten. Egia esan, Donostian ez dago aniztasun eta tamaina horretako merkaturik. Sagar-konpotaz laguntzen den patata-pastelaren zaporea berria zen ikasleentzat, baina gustatu zitzaien. Gabonetako ardo beroak (Glühwein), berriz, ez zuen arrakasta handirik izan. Baina, gero, garagardo alemanarekin, bi kulturetako gustuak bat etorri ziren berriz ere.

Argazkia: Lanbide-heziketako ikasleak, tutoreak, FES ikastetxeko irakasle bat, eta, eskuinean, Armin Klein, elkarteko presidentea.

Wiesbadengo ikastunak Donostian bisitan


Friedrich-Ebert (FES) ikastetxeak eta Donostiako lanbide-heziketako IES Xabier Zubiri Manteo BHI ikastetxeak ikasle-truke bat hasi dute beren kabuz. Lanbide-heziketako ikastunek eta ikasleek beste ikastetxeak bisitatzen dituzte, eta baita hainbat enpresa ere, lan praktikoa egiteko. Senidetze-elkarte gisa, gu ikasle-truke hori laguntzen saiatzen gara beti.
Hala, Wiesbadengo bost ikastunek bi aste igaro zituzten Donostian, eta haien ikasgai nagusiaren, hots, informatikaren, gaineko eskolak jaso zituzten. Enpresak ere bisitatu zituzten, aplikazio informatikoen funtzionamendu praktikoa ikusteko.
Udaletxean egin zieten harreran, ikastunek Eneko Goia alkatea ezagutu zuten, eta bisita gidatu bat egin zieten hiria zein ederra den ikusteko. Halaber, pintxoen kulturaren oinarrik ikasi zituzten, adituek lagunduta.

Argazkiak: aurrean, senidetze-elkarteko Michael Linemann, Torsten Sommerfeld, FES ikastetxeko irakasle laguntzailea, eta Sascha Ranke ikastuna; atzean, Jan Gruber, Itsaso Singer, Volkan Dokuz eta Christoffer Tesan ikastunak.

Wiesbadengo Elly-Heuss ikastetxearen eta Deutsche Schule ikastetxearen arteko ikasle-trukea


Bi ikastetxe horien arteko ikasle-trukea aspalditik dago martxan. 2020an ere, Wiesbadengo 40 ikasle inguruk Donostia bisitatuko dute, eta Donostiako 40 ikasle inguru Wiesbadenera joango dira beste behin. Ikasleek ikastetxean gaztelaniaz ematen diren eskoletan parte hartzen dute eta, programa laguntzaile baten bidez, hiria, hango kultura eta jendea ezagutzen dituzte. Familia-anfitrioien etxeetan hartzen dute ostatu.

Wiesbadengo Helene-Lange ikastetxearen eta Donostiako  Mary-Ward ikastetxearen arteko ikasle-trukea


Ikasle-truke hau nahiko berria da. 2019ko udazkenean, Donostiako 10 ikaslek Wiesbaden bisitatu zuten, eta 2020ko udan Wiesbadengo ikasleak Donostiara joango dira. Ikasleek ikastetxean gaztelaniaz ematen diren eskoletan parte hartzen dute eta, programa laguntzaile baten bidez, hiria, hango kultura eta jendea ezagutzen dituzte. Familia-anfitrioien etxeetan hartzen dute ostatu.

Donostiako eta Wiesbadengo hainbat musikarik jazz kontzertu bat eman dute Europako jazz taldea izenpean


Musika eta arte eskolako (Musik- und Kunstschule, WMK) irakasle eta European Jazzband musika-taldeko gitarrista den Jens Mackenthunek Smile (irribarrea) konposizioa aurkeztu zuen Donostiako eta Wiesbadengo musikarien baterako kontzertuan. Abestiaren tituluak aditzera ematen duen legez, publikoak irribarreari eutsi zion kontzertuan zehar, eta Kulturforum aretoa jendez lepo egon zen.
Musika eta arte eskolak (WMK) antolatu zuen kontzertua, Wiesbaden-Donostia senidetze-elkartearekin elkarlanean. Jens Mackenthunek (gitarra) Michael Großmannekin (bateria) eta Martin Pfeiferrekin (pianoa, Musika-eskolako zuzendariordea eta kontzertuko moderatzailea) batera jo zuen. Kontrabaxua Jörg Mühlhaus Wiesbadengo musikari bisitariak jo zuen.
Donostiako musikariekin -José Maria Mugica Alustiza (perkusioa), Ramón Irizar Gomez (saxofoi tenorra) eta José Maria Dorronsoro Paulis (tronpeta)- batera, taldeak jazzeko klasikoak jo zituen, besteak beste, Dizzy Gillespie, Bobby Timmons eta Duke Ellington, musika-moldaketa berriekin, baina baita hainbat bitxikeria ere, hala nola Sigmund Rombergen Softly, as in a morning sunrise.
Bi hirien arteko senidetzeari gorazarre egiteko asmoz, Donostiako tronpeta-jotzaileak gau hartarako espresuki abesti bat konposatu zuen: DSSW 5/8, Donostia San Sebastián Wiesbaden en tacto 5/8.
Aretoa bete egin zen, bisaren ondoren txalo etengabeak iritsi ziren eta gonbidatuek goraipamen sutsuak egin zituzten. Kontzertu gogoangarria izan zen benetan.


Argazkia. European Band taldea Kulturforum aretoko antzezlekuan. Kontzertuaren oihartzuna Donostiara heldu zen eta, horren ondorioz, senidetzeari buruzko erreportaje bat argitaratu zen.


Wiesbaden-Donostia senidetze-elkarteak postu bat izan zuen Wiesbadengo jaialdian


2019an, Wiesbaden-Donostia senidetze-elkarteak Donostiari buruzko informazio-postu bat jarri zuen, Wiesbadengo jaialdira hurbildu ziren biztanle eta bisitariak artatzeko. Elkarteko kideak Donostia sustatzen aritu ziren kalean, hurbiltzen zirenei liburuxkak eskainita eta biztanle zein bisitariekin hitz egiten. Donostiaren edertasuna, eskaintza kulturala eta berezitasun azpimarratu zituzten. Elkarteko kideek abian diren truke ezberdinen (musikariak eta ikasleak, besteak beste) berri eman zuten, baina baita bidaiatzeko aukeren, ostatuen eta euskal sukaldaritza bikainaren berri ere. Euskal gutizia txikien dastaketak, eskualdeko ardoekin uztartuta, Donostia bisitatzeko gogoa piztu zuen bertaratutakoen artean. Edateko Arabako Errioxako ardo beltza eta gorria, Zarauzko txakolina eta Donostiatik hurbil dagoen Astigarragako sagardoa zerbitzatu ziren. Gainera, Bereziartua sagardotegiko gerentea den Mikel Beleztena Wiesbadenen zegoenez gero, sagardoa trebetasun handiz zerbitzatu zuen eta euskal sagardoari buruzko galderei erantzun zien. Sagardoarekin batera,  euskal babarrun tipikoak jan zituzten, sakramentuak, txorizoa eta txistorra zaporetsua falta gabe.  Halaber, urdaiazpiko- eta gazta-taula bat eskaini zen. Inoiz baino bisitari gehiago izan genituen.
Donostiako haize-laukotea Wiesbadenen

Mozart elkartearekin elkarlanean, kontzertu bat antolatu dugu Donostiako Musikene musika-eskolan ikasi duten bost musikarirekin. 2018ko urriaren 28an, Josu Ferreras Zuluetak (zeharkako flauta), Alberto Rodríguez Vázquezek (oboea), Daniel Huertas Ferrerrek (klarinetea), Ana Martín Delgadok (fagota) eta Guillermo Pérez Izquierdok (korneta) askotariko programa bat jo zuten Eskualdeko Museoko (Landesmuseum) konferentzia-aretoan.
Wolfgang Amadeus Mozarten Txirula magikoaren obertura, Paul Hindemithen Kleine Kammermusik (ganbera-musika txikia) op. 24, no. 2, Anton Reichas haize-boskotea Es-Dur op. 88, no.2, eta Jean Françaixen pieza bat.
Ekitaldia Júlio Medagliaren Suite Popular Brasileira pieza handiarekin amaitu zen. Kontzertuan parte hartu zuten musikarien kalitate handiak argi uzten du Donostiako musika-eskolako hezkuntza goi-mailakoa dela.

Eduardo Chillidari buruzko erakusketa Wiesbadengo museo probintzialean

Eduardo Chillida (1924 – 2002) XX. mendearen bigarren erdiko eskultore espainiar garrantzitsuenetako bat da. Chillida Donostia ederrean jaio zen eta sortze-bizitzaren zati handi bat ere igaro zuen han. Wiesbadengo museo probintzialak, Chillidaren omenez, artista hil zenetik egin den lehen atzera begirako erakusketa osoa antolatu zuen.

Senidetze-elkartzeak inaugurazioaren aurretiko festa bat antolatu zuen eskualdeko Landesmuseum museoan Eduardo Chillidari buruzko erakusketa zela eta

Wiesbaden-Donostia senidetze-elkarteak euskal gau bat eta ekitaldi gastronomiko berezi bat antolatu zituen, Wiesbadengo Landesmuseum museoan erakusketa ofizialki inauguratu baino bi egun lehenago. Ospe handiko Donostiako bi sukaldarik, Iker eta Xabier Zabaletak, pintxo-menu bat aurkeztu zuten: zortzi plater eta plater bakoitzarekin uztartutako ardo bana. Gure alkatea, Sven Gerich, han egon zen eta Donostiatik delegazio politiko bat etorri zen Eneko Goia alkatearekin batera, baita Donostiako hainbat kazetari ere.
Argazkia: Donostiako Aratz jatetxeko Xabier eta Iker Zabaleta sukaldariek menu bikaina prestatu zuten.

Gaztelupeko abesbatza Wiesbadenen bisitan


Donostiako Gaztelupe elkarte gastronomikoko abesbatza bisitan etorri zen Wiesbadenera. Segur aski Gaztelupekoa azken 20 urteetan munduan barrena kontzertuak emateko kilometro gehien egin dituen abesbatza afizionatua da. Ibilbide luzea egin du abesbatzak. Euskal abesti tradizionalak Amerika osoan, Asian (hainbatetan Txinan) eta Europa osoan, Vatikanoa eta Alemania barne (2005ean Berlinen eta Frankfurten), aurkeztu dituzte. Kontzertu ikusgarriena Ushuaiako (Suaren Lurraldea) Mercedes elizan eman zuten. Munduaren mugan, Argentinako Patagoniaren hegoaldean, dagoen hiri australetik 150 kilometro besterik ez daude Antartikara. Abesbatzak turismo musikala sustatzea du helburu. Bidaiak 40-80 lagunekin (gonbidatuak, lagunak eta babesleak) batera egin ohi dituzte. Donostiako Best Travel agentziak antolatzen ditu bidaiak, zeinak dagoeneko 80 bidaia musikal eskaintzen baititu.
2018ko maiatzean, taldeak bi kontzertu eman zituen Wiesbadenen. Maiatzaren 18an, 19:00etan, Foro kulturalean (Kulturforum, Friedrichstrasse 16), Wiesbadengo Musika Akademiarekin elkarlanean kontzertu bat eman zuten, eta hasierako programa Wiesbadengo Musika Akademiak eskaini zuen. Eta, bestetik, maiatzaren 20an, 9:30ean, abesbatzak meza baten akonpainamendua egin zuen, Trinitatearen elizarekin (Dreifaltigkeitskirche, Rückerstrasse 14) elkarlanean.
Abesbatza 10-14 abeslari helduk eta lau ahotsek osatzen dute. Euskal konposizio tradizionalak abesten dituzte, baina errepertorioan gaztelaniazko herri-abestiak ere badituzte.

Share by: